XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hain omen zen abila eta hain omen zen trebea maniobra haietan, bestalde, non haur-esperientzia haietatik hasi baitzitzaizkion lagunak Pititoski deitzen, eta Pititoskitik, Pit.

Gero, tiro-praktika haien ondoren, garai haietan pititoarekin egindako ia gauza guztiak bekatu zirenez, bere parrokiako apaizarengana joango zen, konfesatzera:

- Don Meliton: aste honetan ere, zera...

- Zenbat aldiz?

- Berrogei bat aldiz.

- Ai, mutila!

- Zergatik ez duk hurrengoan heure ur-pistola hori mozten eta ferietako edo festetako barraka horietakoren batean salgai jartzen...?

Norbaitek pentsa lezake zaletasun hartatik suhiltzaile izatera ere hel zitekeela, baina ez:

erabakia hartu behar izan zuenean, ez zuen inolako zalantzarik izan don Polikarpo Gogorzak, polizia edo zaintzailea izan nahi zuela aitortu baitzuen behin eta berriro, maiteago zuela sua piztea itzaltzea baino, pistolak mangerak baino gehiago alegia, eta odoletik zetorkiola dei hura;

horregatik izan zela, halaber, ume-umetatik, ehiztari amorratua, eskopetaren tiro-hots bakoitzak norbait zela sentiarazten ziolako, eta beraz, lanbide hartarako bokazioa zuela.